XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) luzatu zituen bere beso, esku eta behatzak, bereziki indizea.

Probabilitate guztien aurka, zerbait inefablea gertatu zen orduan.

Bere behatz indizeak beste norbaiten behatz indizea ukitu zuen bete-betean, bera izutuz noski, zeren eta ustegabea izugarria izaten baita estraineko unean.

Ordea segituan, nahiz eta ilun egon, Larrearen besoa ikusi zuen begi zirrikituarekin.

Beragana luzatua zegoen.

Ametsaren irudiak zirela eta, andreak berritu egin zuen kontakto sotil hark sortu zirrara, eta kuxkurtu egin zen autobusaren salatxoko eserlekuan.

Hurrengo unean, ordea, autobusa benetan hegaka zihoan, 160an edo bidearen sakon batean kulunkatu zen berari zorabio moduko bat eragin eta begiak irekiaraziz.

Une batez, leihoz bestaldean, pinudi artean kokaturiko herrixka bat ikusi zuen, eta haren gaineko zeru urdina.

Ondo zegoela pentsatu zuen, ondo zegoela urdintasun hura.

Jarraian, begiak berriro itxi eta lorategiko eszena berreskuratzen ahalegindu zen.

Alferrik, ordea.

Ametsak beste norabide bat hartua zuen, eta eszena berri bat azaldu zitzaion gogoan.

Bertan, bera eta Yeti izeneko taldekidea akuario batean zeuden.

Balea baten hezurdura erraldoia osorik gordetzen zuen solairuan, hain zuzen ere.

-Zein jostaketatan zabiltza? galdetu zion Yetik.

-Ez dizut ulertzen erantzun zion berak balearen isats hezurrerantz urrunduz.

Ziztada bat sentitu zuen buruan.